‘Jazzaldiaren besarkada’

Jazzaldiko kartelaren NFTa
Ane Pikaza ilustratzaile, aktore eta kultur kudeatzaileak egindako lana da. Hiriak musikarekin duen harremana du inspirazio-iturri. Artistak Igeldotik Urgulleraino doan Kontxako badia aukeratu du jazzaren eta hiriaren arteko besarkadaren eszenatoki gisa. Hau 57 aleko edizio mugatua da, eta doan banatuko dugu eskatzen duzuen lehen bildumazaleen artean. Eskuragarri egongo da ekainaren 22tik aurrera. Egon adi!

Eskatzeko urratsak

  1. Polygon sarearekin bateragarria den wallet bat behar duzu. Halakorik ez baduzu, wallet bat instalatu eta konfiguratu beharko duzu. Asko daude, baina ohikoena eta zabalduena (eta proiektu honetarako eskatzen duguna) MetaMask da. Hemen MetaMask-en webgunerako esteka aurkituko duzu, eta, jarraian, instalatzeko informazioa.
  2. Egin zure eskaera 2022ko uztailaren 22ko 11:30etik aurrera Donostiako Jazzaldiaren webgunean aurkituko duzun formularioaren bidez. Gogoratu: aurretik wallet bat sortu behar duzu MetaMask-en, NFTa bidaltzeko formularioan wallet-aren helbidea (gako publikoa) eskatuko baitizugu. MetaMask-eko wallet baten helbiderik gabe, ezingo duzu eskaerarik egin; beraz, lehenengo egiaztatu wallet bat sortu duzula.
  3. Egon zain NFTa jaso arte (aleak agortu arte).

Maiz egiten diren galderak

1. Zer da NFT bat?

NFTa blockchain teknologiaren bidez objektu bakar bati lotutako benetakotasun-ziurtagiri digital bat da. Mundu digitaleko zein errealeko objektuak haien ezaugarri propioekin irudikatzen ditu, eta benetakoak direla eta zeinenak diren (egungo jabetza eta jabetza historikoa) ziurtatzen du. Etxe baten jabetza-eskrituraren antzekoa da: eskritura ez da etxea, baina eskriturarik gabe ezin dugu frogatu etxea gurea dela, ezta etxea saldu ere.

NFT baten bidez edozer gauza irudika daiteke digitalki, eta blockchain teknologia ezin hobea da horretarako: notario edo kontabilitate-liburu digitalaren rola betetzen du. Bertan, objektuari, egiletzari eta jabetzari buruzko informazioa modu aldaezin eta gardenean erregistratuta gelditzen da, eta informazio hori behar dugun guztietan kontsultatu edo erabili ahalko dugu.

Smart contracts
NFTak sortu eta erabiltzeko (adibidez, erosi) blockchain beraren barruan funtzionatzen duten programa txiki batzuk behar dira, alegia, smart contracts edo kontratu adimendunak. Kontratu guztiek bezala, kontratu hauek klausulak izan ditzakete eta, kasu honetan, klausulak modu garden eta automatikoan aktibatzen dira. Esaterako, aktibo edo objektu digitalaren jatorrizko egileak bere lanarekin etorkizunean egiten den transakzio (salerosketa) bakoitzarengatik komisio bat (%) jasotzea ezarri dezakete.

Arte NFTak
Ezaugarri horiek direla eta, NFTak oso interesgarriak dira artearen munduan. NFTei esker, artelan digital baten (irudi-fitxategi, bideo, audio bat…) egiletza eta jabetza, eta baita lanaren ezaugarriak ere, ziurtatu ditzakegu. NFTak blockchain bidez egiletza ez ezik aktibo horrekin egin diren transakzio guztiak ere ziurtatuko ditu, eta artistari aukera emango dio jabe berriei etorkizunean egiten diren transakzioen ondoriozko royaltyak (erregaliak) kobratzeko. Horregatik, NFTa funtsezko tresna bilakatu da artistentzat, bereziki, artista digitalentzat, obra babesteaz gain salerosketa errazten duelako.

2. Non eta nola eskura daiteke NFT bat?

Arte NFTak hainbat modutan eskura daitezke: egilearen eta eroslearen arteko transakzio zuzenak egiten, enkante-etxe tradizionaletan, marketplace izenekoetan (hau da ohikoena) eta abarretan. NFTen marketplace bat mota horretako aktiboak salerosteko online merkatu bat da, e-commerce antzeko bat. Bertan, egileak bere obraren NFTa sortu eta argitaratu dezake, eta erosleek interesatzen zaizkien obrak bilatu eta erosi ditzakete. Horrez gain, tarifa batzuen truke, blockchain-ean NFTak sortzeko prozesua eta ondoren biltegiratzea errazten duten hainbat zerbitzu osagarri eskaintzen dituzte. NFTen marketplace ugari daude, baina ezagunenak OpenSea, Rarible, Mintable eta SuperRare dira. Jazzaldiko kartelaren NFTa OpenSea marketplace-ean sortuko da (segur aski, zabalduena, moldakorrena eta seguruena).

3. Nola erosten da NFT bat? Zenbat balio du NFT honek?

NFTak blockchain teknologian oinarritzen direnez, gehienetan, marketplace-etan kriptomonetak baliatuta salerosten dira, baina beste modu batzuetan ere saleros daitezke: moneta arrunta erabilita edo musu-truk. Kasu honetan, NFTa kosturik gabe transferituko da (57 aleko tirada agortu arte) zuzenean eskatzaileen zorro digital edo wallet-era. Hori bai, nahitaezkoa da zorro digital bat (Polygon blockchain-arekin bateragarria dena) erabiltzea, aktibo digitalaren (kasu honetan, kartelaren NFTaren) jabetza hara transferitzeko.

4. Zorro digitalak edo wallet-ak

Mundu errealean erosketak egitera joateko ez dugu ahazten txartelak eta dirua gordetzeko erabiltzen dugun zorroa. Era berean, bloke-kate batean (blockchain) transakzioak egiteko, berariazko zorro bat (kripto-zorro bat) behar dugu. Zorro edo wallet horiek blockchain zifratze-teknika aitzindariak erabiltzen dituzte erabiltzaileen operazioen (kriptomoneta edo beste kriptoaktibo batzuk, hala nola NFTak, gordetzea, bidaltzea eta jasotzea) segurtasuna bermatzeko.

Kriptomonetekin operazioak egiteko hainbat wallet mota daude, baina bi kategoria nagusitan banatzen dira:

  • Online zorroak (hot wallets): aplikazioak edota nabigatzailean instala daitezkeen luzapenak. Adibidez, Coinbase eta MetaMask.
  • Zorro fisikoak edo hardware-zorroak (cold wallets): Internet konexiorik gabe funtzionatzen duten gailu fisikoak. Hau da aukera seguruena, baina garestiena ere. Soinean eraman ditzakezun gailu txikiak dira, baina ez dira online wallet-ak bezain moldakorrak. Horren adibide dira Trezor eta Ledger.

Wallet bidezko operazioak gako publiko eta pribatuen bidez babesten dira. Gako publikoa bankuko kontu-zenbakiaren antzekoa da, eta gako pribatua banku-txartelaren PINaren antzekoa. Gako publikoa edonori eman diezaiokegu dirua edo NFT bat bidal diezagun. Horrek ez ditu arriskuan jarriko gure fondoak. Gako pribatuak, aldiz, gure aktiboak (kriptoak, NFTak, fondoak) babesten ditu, eta horiek eskuratzeko giltza da. Horregatik, ondo zaindu behar ditugu. Gako pribatua duenak, sarbidea du. Oso garrantzitsua da zure gako pribatu inork ez ezagutzea.

Beraz, NFT hau zure zorrora bidali ahal izateko, zure zorro digitalaren (kasu honetan MetaMask izan behar du) gako publikoa eskatuko dizugu. Prozesua Jazzaldiaren webgunetik abiatu dezakezu.

Azkenik, hona hemen NFTa jasotzeko zure wallet-a instalatzen eta konfiguratzen lagunduko dizuten esteka batzuk:

Nola instalatu MetaMask zorro digitala?

 

Non dago zure wallet-aren helbidea (gako publikoa) MetaMask-en?

Nola konfiguratzen da Polygon sarea MetaMask-en?

5. Non gordetzen da nire NFTa? Nola ikus dezaket nire NFTa?

NFTa OpenSea-n gordeta eta ikusgai egongo da. NFTa OpenSea-n ikusteko zure MetaMask wallet-a zerbitzu horrekin konektatu beharko duzu. Zure profilean ikusgai egongo da zuretzat baina ezkutuan beste erabiltzaileentzat, egoera aldatzea erabakitzen duzun arte. PolygonScan bidez ere ikusi ahalko duzu, zure wallet-aren gako publikoa (helbidea) adierazita.

6. Zer egin dezaket NFTarekin?

Erosleek NFTak gordetzeko, saltzeko, mailegatzeko edota transferitzeko eskubidea dute. Horrek esan nahi du, esate baterako, haien NFTak marko digital edo telebista batean, metaverso bateko (adibidez, Decentraland) eszena batean edo sare sozialetan (Twitterreko profilean edo, laster, Instagrameko edukietan) ikusgai jarri ditzaketela. Eta, bai, saldu ditzakete ere: gurea den beste edozein artelan bezala, nahi izatekotan, salgai jarri dezakegu. OpenSea-ren marketplace propioan egin dezakezu hori. Interesatzen bazaizu, hasi ikertzen.

7. Zer EZIN dut egin NFTarekin?

Oro har, kontratu baten bidez kontrakoa esplizituki xedatzen ez bada, erosleek ez dute eskubiderik artelan digitalaren kopiak egiteko eta horiek saltzeko, lanaren egile-eskubideak besterentzeko edota originala oinarri hartuta eratorritako lanak (kamisetak, katiluak, posterrak, eta abar) sortzeko.
Hala, NFTak artista bati edo galeria batean erositako artelan bat bezalakoa da: obra erosteak ez du esan nahi egile-eskubideak automatikoki besterentzen direnik.